Mikel Alvarez, Beñat Iturrioz, Oskarbi Sein eta Eñaut Tolosak osatzen dugu BIRA Produkzioak Kooperatiba. Elkarrekin ikus-entzunezko proiektu desberdinetan lan egindakoak garenez, gure bideak elkartu eta proiektu amankomun bati hasiera ematea erabaki dugu, Kapitain Planet, Flanery eta bere Astakiloak, Ninja Dordokak, Spice Girls-ak edota Las Vulpes bezalaxe.

Mikel Alvarez Sarriegi

Mikel Alvarez Sarriegi

Gidoilaria | Edizioa | Tenorea

Rock izarraren karrera hasi nuen musika talde batean nire ahots “finagatik” bota ninduten arte. Atsekabea Life Of Brian 50 aldiz ikusiz pasa zitzaidan. Gerora, Armageddon filmea ikusi eta astronauta izateko grina sortu zitzaidan. Azkar ordea, ulertu nuen astronauta beharrean astronomoa izan nahi nuela. Izarrak ukitu beharrean, unibertsoko izar guztiak nola sortu ziren kontatu ahal izateko. Horixe da nire grina, istorioak kontatzea. Baina tira, Life Of Brianeko estralurtarrak bila etortzen bazaizkit prest naiz plater hegalarian igo eta izarrak abentura amaiezin batean ezagutzeko.

Beñat Iturrioz Perez

Beñat Iturrioz Perez

Kamera | Postprodukzioa | Zentzumen araknidoa

Corto Maltesen abentura grinaz kutsatu nintzen aspaldi, geroztik ametsak ditut ipar eta sormena itsasontzi. Lagun batek esan ohi dit suitzar laban bat naizela, ikus-entzunezkoetan aritzeaz gain, hamaika saltsatan sartzeko ohitura dudalako ere. Nire zaletasuna, zaletasun berriak aurkitzea da. Tira, hori eta Russian Imperial Stout garagardoa. Zuzendari eta postprodukzio lanak egiten ditut, itsasoari biraka dabilen barku honetan.

Oskarbi Sein Berebide

Oskarbi Sein Berebide

Diseinua | Ilustrazioak | Ordena

Txikitan gurasoek komikiak erosten zizkidaten goxokien ordez. Honek, marrazteko afizioa ekarri zidan, baita arkatzak bi aldeetatik aprobetxatzeko ohitura ere: batetik marrazkiak egiteko eta bestetik makilgoxoa bezala hozkaka txikitzeko. High Fidelity filma ikusi nuenean konturatu nintzen ez nintzela gauzak ordenatzearekin disfrutatzen zuen bakarra. Gaur egun diseinu eta ikus-entzunezko edizio lanak egiten ditut, horrela komikiak erosten eta arkatz zatiak jaten jarraitu ahal izateko.

Eñaut Tolosa García

Eñaut Tolosa García

Gidoilaria | Ekoizpena | Euskal makila

Umetan CAF fabrika desjabetu eta europako zine estudio handienean bihurtzearekin amets egin nuen. Etxean kontatu eta ostiko batez atzerrira bidali ninduten zinemagintzan trebatzera: Bartzelonan postprodukzioa, Salonikan ekoizpena eta La Habanan gidoigintza ikasi nituen. Orduz geroztik ikus-entzunezkoan soldadu, sargentu eta kapitan lanak egin ditut ekoizpen itzel nahiz txikietan. Gaur gidoi-gerrillari bat naiz, fabrika haundia(K) asaldatzeko prest, ahal bada, Napoleonez jantzita.

Proiektuaren sorrerari buruz...

2027an elkartu ginen proiektu komun bati ekiteko. Hasieratik konturatu ginen egungo munduari buelta bat emango zioten Diseinu eta Ikus-entzunezko lanak nahi bagenituen, lehenik eta behin, “egungo mundua” zein genuen konkretatzea komeni zitzaigula. Prozesu existentzial horren amaieran, eta nahiz eta 2027an bizi, gure merkatu-hobia 2017an kokatzen zela ohartu ginen.

Denboraren makina asmatzeko ordea 50 urte falta ziren. Aurretik genituen urte luze haiek mundua aldatuko zuen erronka horretarako prestatzen igaro genituen.

Azkenean, iritsi zen 2077a. Denboraren makina prest zegoen baina bazen abentura honi ekitean ahaztu genuen zerbait; denboraren makinan sartzeko unean 90 bat urte inguru genituen. 2017an bizi zuten hipsterizazio eta eusnobismo prozesua kontuan izanda, konturatu ginen gure zaharruno itxura ez zela egokiena Diseinu eta Ikus-entzunezko zerbitzuak eskaintzeko. Eskerrak EHUko laborategietan gaztetasunaren elixirra asmatua zuten dagoeneko.

Orduan bai, elixirra hartu eta denboran bidaiatu genuen.

Herenegun iritsi ginen. Bidaia mugitua izan zen.

Dagoeneko prest gaude BIRA PRODUKZIOAK kooperatiba martxan jartzeko. Sinetsi, asko kostatu zaigu bai, baina oso dibertigarria izan da. Eta izango da.