IKUSI ETA IKASI

Argia aldizkariak hezkuntzari eta heziketari lotutako bideo-erreportaje sorta bat ekoitzi du: Ikusi eta ikasi. Proiektu honetan grabazio lanetan aritu gara Birakideok, 6 saiok osatzen duten lehen denboraldia sortzeko.

Ikusi eta ikasi, adibide eredugarrien bilduma bat da. Argiakoek aspalditik zuten ideia bat: hezkuntzan eta eskoletan egiten diren praktika onak igual ez direla ezagutarazten, ez direla partekatzen, eta, praktika horiek helarazteko, praktika onen artxibo bat taxutzeko abiatu zuten Ikusi eta ikasi.

1. DENBORALDIA

Ikasleen egoera psiko-sozial eta emozionalari arreta jartzea eta zaintzea da eskolek duten erronka handienetako bat. Abadiñoko Matiena institutuan (Bizkaia) izan gara, ikasleei laguntzeko estrategiez, gazteekin hitz egiteko gakoez, suizidioaz, familiez, irakasleek gai honetan dituzten aukerez eta mugez hitz egiten. Leku oso berezian bildu gara: institutuko arnasgune gelan.

Zaldibiako Lardizabal eskolan, ikastetxeko hezkuntza curriculumean dute txertatuta urmaelaren erabilera didaktikoa. Baina zer egiten dute eta zer ikasten duteikasleek putzuan? Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu.

Ikasleari ongi zer egiten duen eta hobetzen zer joan behar duen erakusten dion tresna gisa ulertzen dute ebaluazioa Tolosako Laskorain ikastolan, ikas-prozesuaren parte. Ebaluazio hezigarria, gainera, Lehen Hezkuntzatik hasi eta DBHko azken mailaraino txertatu dute. Bertatik bertara ezagutu dugu nola egin duten aldaketa.

Ikasleekin bai irakurmena, bai irakurzaletasuna lantzeko estrategiez hitz egin dugu Oiartzungo Haurtzaro ikastolan, heziketa literarioaz, astero egiten dituzten irakurketa gomendioez eta eskolan dituzten proiektuez: Motxila ibiltaria, Bidaia koadernoa, Juul bozketa… Bost irakaslez osaturiko Irakurketa lantaldea arduratzen da dena koordinatu eta ideia berriak martxan jartzeaz.

Diziplina eta ikasgai ezberdinak uztartuz ikastea eta irakastea da eremuka aritzea. Horretan sinesten dute Irungo institutuan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan bakarrik ez, laugarren mailan ere horrela ari dira lanean. Lau urte daramatzate eremuka, lau urte metodologiaz hausnartzen, proiektuak fintzen, diziplinen eta irakasleen arteko hartu-emana elikatzen, konpetentziak neurtzen eta ebaluazioa egokitzen. Esperientzia hori guztia kontatu digute, eta taldeka nola aritzen diren ere, bertatik bertara ezagutu dugu.

“Talde elkarreragileak” proiektua ezagutzera etorri gara Lekunberriko Ibarberri eskolara. Haur Hezkuntzan hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino heltzen da dinamika hau: gelako ikasleak lau taldetan banatzen dituzte eta talde bakoitzari laguntzen ikas-komunitateko kide bat aritzen da: izan ikasle horietako baten gurasoa, aiton-amona edo herriko bizilaguna: edonor izan daiteke boluntarioa. Irakasleak jarritako erronkari taldean erantzun behar diote ikasleek, taldeko guztien parte-hartzea bermatuz, batzuen eta besteen azalpenetatik ikasiz, eta iritzi eta erabakiak adostuz. Horretan guztian, rol funtsezkoa du heldu boluntarioak.

beste proiektu batzuk

#ETAHALAEZBAZAN?

Ipuin klasikoen inguruko hausnarketa genero ikuspegitik.

VEURE MÉS
Axpi Ilustrazioa

Ainara Azpiazu Aduriz da Axpi ilustrazioa-ren atzean dagoen artista.

VEURE MÉS
HERNANIKO EMAKUMEEN TESTIGANTZAK

Memoria historikoa.

VEURE MÉS
HERNANI BURUJABE

Hernani Burujabe ekimenaren lehen urtea laburbiltzen duen dokumentala.

VEURE MÉS