Beterri Saretuz

Beterri Saretuz

BETERRI SARETUZ

Beterri-Buruntza eskualdean joan den ikasturtetik ari gara lanean hainbat enpresa eta eragile, ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan, sare eta nodo eraginkor bat sortzeko helburuz. Epe luzerako ikasketa prozesu bat da, eta estrategia horretan, lehen proiektuari ekingo diogu aurten: partaidetza oinarri duten enpresen ekosistema sortzea. Beterri saretuz deitu diogu programari, eta aurrera eramateko Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalen laguntza izan dugu. Hauek dira, topaketa ziklo bateko lehenaren laburpen bideoak eta argazkiak.

 

Willis Drummond – Bigarren aukera

Willis Drummond – Bigarren aukera

WILLIS DRUMMOND - BIGARREN AUKERA

Taldearen zale izanda, Willis Drummond baionarren Zugzwang diskoan parte hartzea ohore zein plazerra izan da biratarrontzat. Are gehiago, taldearen ibilbidean mugarri izango dela iruditzen zaigun disko honetan.

“Lehentasuna” lehen singlearen bideoklipa egin ondoren, bigarrenari heltzeko ordua iritsi zen eta hasieratik, oso garbi izan genuen, bai biratarrok eta baita Willis Drummondek ere, kantu aukeratua “Bigarren aukera” izan behar zela.

Diskoko kanturik ezagunenetako bat bilakatzen ari zelako alde batetik, eta kantuak biltzen duen esanahiagatik, bestetik. Felix Buff, Willis Drummond taldeko baterijoleak idatzi zuen kantua bere aita zendu ondoren, eta halako gertaera batek biltzen duen gordintasun eta benetakotasuna batzen ditu.

Horretaz gain, Anari edo Joseba Irazoki bezalako artistak zuzentzeko aukera ere eskaini digu, kantu eder honetan, beraien alea ere jarri zutelako. 

Willis Drummond:

https://willisdrummond.bandcamp.com/ 

Hauspotu

Hauspotu

HAUSPOTU

Lurralde desoreka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hiriak eta metropoliak handitzen ari diren neurrian, Euskal Herriko landa eremuko argia itzaltzen ari da emeki-emeki. Neurririk hartzen ez bada, egoerak ez du atzera bueltarik izanen. Hori dela eta, Udalbiltzak Euskal Herri mailako arazo larri horri, Euskal Herri mailako erantzuna ematea proposatzen du. Udalbiltzarentzako eginiko bideo honetan azaldu dugu zertan datzan HAUSPOTU programa.

Udalbiltza:

www.udalbiltza.eus