NONDIK GATOZ

2017an kooperatiba bat eratzeko bildu ginen, ezagutzak batu eta, elkar babestuz, proiektu komun bat sortzeko asmoz. Geroztik, Bira borobilduz joan da, zabalduz eta sendotuz, gaur egun 5 langile-bazkideko talde bat osatu  arte. Bidea egin badugu, ordea, alboan izan ditugun kolaboratzaileei eta ekonomia sozial eraldatzaileko sareari esker izan da. Interkooperazioa eta komunitatea jostea bait ditugu ortzimugan.

NOLA EGITEN DUGU LAN?

Proiektuak bere osotasunean garatzen ditugu. Gidoigintza, errealizazioa eta edizioa. Elkarrekin, ideia sortzetik bideoa amaitu arte. Honela, mezuak irudietan bilakatzeko zubilana egiten dugu, ikusiak, entzunak eta partekatuak izan daitezen.

PERTSONAK GARA, EZ ALGORITMOAK

Kooperatiba bat gara eta tokian eragiteko grinaz sortu ginen; eraldaketa sozialean ekintzaile eta herri mugimenduen bidelagun izateko. Horregatik, egiteko beste modu batzuk jorratu eta irudikatzen ditugu, bizitza erdigunean jarriko duen jendarte kritiko, parte hartzaile eta feminista baten alde ekinez. Pertsonak, planeta eta komunitate anitzak zaintzen dituzten proiektuekin bat eginez.

GUK GEUK EGINAK

Hunkitzen gaituzten istorioak kontatu nahi ditugu, zinemagintzaren bidez euskal iruditerian gure alea jarriz. Modu honetan egin ditugu, besteak beste, Klik! animaziozko websaila, Erlojupekoa nahiz Oinez laburmetraiak, edo Sans Nom Sarea eta Enarak dokumentalak.

MIKEL ALVAREZ SARRIEGI
Gidoia | Edizioa | Proiektu zuzendaritza

Pertsona bakoitzarentzat kantu bat du buruan. Gidoiak idazten ditu, istorioak ere izateko.

mikel@biraprodukzioak.eus

Soziologian eta ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua izateaz gain, hainbat saltsetako baratxuria da, orohar, euskalgintza eta gizarte gaien sukaldeetan. Bere lanen artean, Euskalia eleberria edo Altsasu telesail arrakastatsuaren gidoiak daude.

LEIRE EGAÑA BLANCO-ARGIBAY
Kamera | Edizioa | Proiektu zuzendaritza

Untxi zuriaren atzetik abiatuta, zinemaren mundu miresgarrian murgildu zen. Geroztik, segunduak fotogramaka kontatzen ditu.

leire@biraprodukzioak.eus

Zuzenbidean eta Zientzia politikoetan lizentziatu ondoren, London Film School-en zinemagintza ikasi zuen. Feminismoa eta kulturartekotasuna aldarrikatzeko baliatzen du ikasitakoa, betiere optika zinematografikoarekin. Bere begirada, Oinez, Europa edota Erlojupekoa film sarituen atzean dago.

BEÑAT ITURRIOZ PEREZ
Kamera | Postprodukzioa | Proiektu zuzendaritza

Kim Ki Duk-ek behin eskua eman ziola esaten du. Ez dakigu egia den, baina esku hori erabiltzen du edizio lanetarako.

benat@biraprodukzioak.eus

Historian lizentziatua eta Irakasle eskolan diplomatua, herrigintza eta ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan aritzen da, kultur gaiak ardatz hartuta. Besteak beste, Enarak luzemetraia, Hernani Burujabe ekimenaren dokumentala eta Ikusgela-ko Historia saileko bideo didaktikoak zuzendu ditu.

OSKARBI SEIN BEREBIDE
Diseinua | Animazioa | Proiektu zuzendaritza

Musikal batean bizi nahiko luke, baina erritmoa bere bertute nagusia ez denez, ilustrazioak jartzen ditu dantzan.

oskarbi@biraprodukzioak.eus

Arte Eder eta diseinu ikasketak egin ostean, animazioetan trebatu zen. Hezkuntza, ordena eta kulturgintza ditu interes nagusi. Amorante, Maite Larburu edota Eñaut Elorrietaren kantei bizia eman die, eta, Klik! animaziozko websaila ere zuzendu du.

EÑAUT TOLOSA GARCÍA
Gidoia | Edizioa | Proiektu zuzendaritza

CAF fabrika desjabetu eta bertan Europako zine estudio handiena eraikitzearekin amets egin zuen behin. Ez da esnatu.

enaut@biraprodukzioak.eus

ESCACen zinema ikasketetan lizentziatu ondoren, Kubako EICTV eskolan gidoigintzan trebatu zen. Irudien birziklaketa eta zaintzaren akolitoa da eta Agnes Varda, bere profeta. Telebistarako Urmuga saioa zuzendu eta Bidegurutzean formatua idatzi ditu, esaterako.

sarea

Nora iritsi baino, garrantzitsuagoa delako nola eta norekin iritsi, ikus-entzunezko lanak egiteaz gain, tokian eragitea, ekonomia eredu justuago bat bultzatzea eta inguruko kooperatibekin saretzea dira gure erronkak.

Batzen-ek, esklusio arriskuan daude gazteak enpleguratzeko sistema izanik , inklusio soziolaborala du xede. Asmo  horretan,  harrera enpresa gara, gazteek, gaztaroa asmatzeko aukerak izan ditzazten.

Spidermanek esan bezala: sarea da garantzitsuena. Horregatik, Beterri-Buruntzako  ekonomia sozial eraldatzailearen elkargune den Beterri Saretuz egitasmoaren harietako bat gara.

Bizia denez handiena, Goierriko  herritarrak eta ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak saretzea helburu duen Biziolako bazkide gara.

Enpresetan Erantzunkidetasun Sozialaren kontzeptua zabaldu eta praktikan jartzeko, Erakide tresna aplikatu dugu.

Energia ez omen da sortu ezta suntsitzen ere, baina Goienerren indarra ezinbestekoa zaigu subirautza energetikorantz elkarrekin pausoak emateko.

Ikus-entzunezko sektorean emakumezko profesionalak ikus eta entzun daitezen,(H)emen elkarteko partaideak gara.

Beterri-Buruntza eskualdeko Iturola elkarlan-sorgunean eman genituen lehen pausoak eta bertan orbitatzen jarraituko dugu beti.

Ansible-a bera ere asmatuko dutela ziur gaudenez, herri gisa beharrezkoak ditugun telekomunikazio azpiegitura, zerbitzu eta baliabideak eskuratzea helburu duen Izarkom kooperatibaren kide ere bagara.

“Txin-txin” ez da diruak atera dezakeen hots bakarra. Sistema finantzario etiko batean sinisten dugunez, herritarren beharrei erantzuten dien Koop57ko kide gara.

Gu sortu ginen enbor beretik, sortu daitezen besteak: Koopfabrika, proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa, gure enborra.

“Zaindu maite duzun hori” dio abestiak. Pertsonen arreta eta zaintza langileen baldintza duinak bermatzeko, guk zaindu Maitelan diogu.

Inperio galaktikoa zabaltzen doan garaian, argi daukagu non dagoen esperantza: Olatukoop. Kideen elkartasuna, ongizatea, eta jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpena egitea dugu helburu.